Menua

Xabier Sabalza, METAPOSTAko presidenteordeari elkarrizketa: “Legearen ikuspegitik, METAPOSTAren operatiboa oso zorrotza da, bere nortasun-ikurra da bestelako merkataritza-zerbitzuen aurrean”

2010eko abenduak 23

Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendaria Xabier Sabalza METAPOSTAko presidenteordea da eta une hauetan METAPOSTAren aplikazioa, hau da, Interneteko postontzi elektronikoa eta dokumentu-gordailua sortzeko Euskadi Informazioaren Gizartean 2015 Planaren aldeko apustua, argitara emateari azkena ematen ari da.

- Zer egoeratan dago METAPOSTA abian jartzeko prozesua?

- EJIE enpresaren azpiegituretan froga operatiboak egiten ari dira (zerbitzariak, biltegiratze-sistemak, aplikazioaren erregistroa eta erakunde eta enpresa igorleak, igorle izenarekin ere ezagutzen direnak, integratzea eta komunikatzea). Aldi berean, betatester izenez ezagutzen diren aukeratutako erabiltzaile multzo batekin (150 pertsona inguru) aplikazioaren probak hasi dira, publikoarentzat erabilgarri jarri aurretik aplikazioa egiaztatzeko helburuarekin.

- Betatester horiek igorle deiturikoen batetik lan egiten dute jadanik, zenbat erakunde eta enpresak parte hartzen dute gaur egun METAPOSTAn?

- Integratuenak dauden igorleak banku-erakundeak dira, esaterako BBK, Kutxa eta Vital Kutxa edo Ipar Kutxa eta Euskadiko Kutxa. Baita Bankoa eta Lagun Aro ere. Era berean, ur- eta energia-operadoreak eta aseguru-konpainiak ere integratu dira. Guztira, hamabost bat mezulari izango dira, eremu desberdinetan pixkanaka integrazio-bidean aurrera egiten.

- METAPOSTA Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak sustatutako proiektu gisa aurkeztu da baina inbertitzaile pribatuek ere parte hartzen dute bertan. Zeintzuk bultzatu dute METAPOSTA?

- METAPOSTA sozietatea sortzerakoan eredu gisa hartu zen E-boks-en (METAPOSTAren erreferentea Danimarkan) gauzatzen den enpresa publiko eta pribatuen parte-hartze modua: alde batetik, administrazio publikoaren eta sektore pribatuaren ordezkaritza-erakundeak izan behar dute, METAPOSTAren jarduera bi arlo horiei zuzenduta dagoelako. Kontseilua ere, modu neutroan osatu behar da ahal den neurrian, hau da, kanpoko agenteek kapitalean parte hartzen dutenekin fidatu behar dute. Horrela ikus daiteke akziodunen multzoari begiratuta: alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren mende dagoen Ezten Funtsa (Euskadiko Arrisku Kapitaleko Kudeaketa, SA); bestalde, Justizia eta Herri Administrazio Saila ordezkatzen duen EJIE enpresa, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Sozietatea. Euskadiko enpresa- eta ekonomia-arloen ordezkaritza gorena izateko helburuarekin Bilboko (Bizkaia), Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-ganberak daude, baita Euskadiko ekonomian garrantzi handia duten eremu teknologikoko edo zerbitzu-eremuko honako aktore hauek ere: Euskadin erreferente den Tecnalia korporazio teknologikoa, Mondragón Inversiones, Euskadiko lehen enpresa-taldearen ordezkaria, eta desgaitasunak dituzten pertsonen integrazioa bultzatzen duen Gureak taldeak sustatuta Gupost, laugarren sektorearen enpresa ordezkaria.

- METAPOSTA hasieran Euskadi Informazioaren Gizartean Planaren barruan sortu zen baina etorkizunean zein izango da METAPOSTAren jardun-eremua?

- Lehenik eta behin, teknologiak eta Internetek METAPOSTAren zerbitzuak Euskaditik kanpo ere eskuraerrazak izatea ahalbidetzen dute. Hots, telefono-seinalea edo Internet dagoen munduko edozein lekutatik da eskuragarria METAPOSTA. Alabaina, esan behar da METAPOSTAren igorleak diren aktore batzuek, bankuen, zerbitzuen ed energiaren arlokoek, Estatu osoan jarduten dutela. Aktore horiek nahi dute METAPOSTA Euskal Autonomia Erkidegoko mugak gainditzen dituen proiektua izatea. Eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren helburua da METAPOSTAk beste erakunde batzuekin batera informazioaren gizartea sustatzea.

- METAPOSTA, bere arloari dagokionez, nola kokatuta dago Espainiako estatuaren eta Europar Batasunaren eremuan?

- Gaur egun, METAPOSTAk bere eginkizuna gauzatzen duen arloan Internet zerbitzua emateko hiru eredu daude munduan. Alde batetik, herri-administrazioak ezarritako herritarren atariak aurki daitezke, esaterako Norvegiako norge.no eta Frantziako mon.service-public.fr. Horretaz gain, posta-konpainiek beren zerbitzuak kudeatzeko ezarritako digitalizazio-sistemak daude. Eta azkenik, Interneteko dokumentu-gordailua biltzen duten ereduak daude eta horien artean, eremu publikoan nahiz pribatuan zerbitzuak eskaintzen dituen Danimarkako E-boks eredua. METAPOSTAk azken eredu horri jarraitzen dio.

- Zein dira METAPOSTAren bertuteak beste lehiakideekin konparatuz?

- METAPOSTA laguntza pribatua jaso duen sustapen publikoari esker sortu denez, funtsezkoa da Informazioaren Gizartearen eta Administrazio Digitalaren arloan Europako, estatuko eta autonomia-erkidegoko eremuei dagokien legezko korpusa zorrotz betetzea. Horrek eragin du METAPOSTAren operatiboa legearen ikuspegitik oso zorrotza izatea eta hori bere nortasun-ikur bihurtzea beste merkataritza-zerbitzu batzuekiko. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan sustapen-helburu bat betetzen du METAPOSTAK, hau da, herritarrek sinadura elektroniko onartuaren ziurtagiriaren, jakinarazpen elektronikoaren eta bestelako baliabide elektronikoen inguruan ikastea eta tresna horiek maneiatzea.

Jarri gurekin harremanetan

Astelehenetik ostiralera artatzen zaitugu, 9etatik 19etara. Honako kanal hauen bidez jar zaitezke gurekin harremanetan:

Jarraitu gaitzazu sare sozialetan: